EA Bilbao 





Bilboko Eusko Alkartasunaren bloga 

abe 03 2010

Euskararen egunean, Bilbora begira

Honek argitaratua: bilbao ordu honetan: 10:30:49 hemen: Ayuntamiento, Sin categoría, euskara

Euskararen egunean, EAk, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak, komunikatu bateratua egin dute.

Euskararen egunean, euskararen egoerari buruzko hausnarketa egitean, ezinbestekoa da Bilboko udalerriari begirada sakon bat botatzea. Izan ere, Bilbo ez da soilik Euskal Herriko udalerririk handiena eta Euskal Herriko eskualde populatuenen buruan dagoena, horrek berezko garrantzia ematen diolarik, Bilbo euskaldun kopururik handiena duen udalerria da, baita euskalduntze bidean dauden pertsonen kopurua ere.

Bilbon, 83.354 euskaldun bizi dira, 2006ko Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikaren arabera. Horiekin batera, beste 82.339 biztanlek badute euskara ezagutza maila bat, ia euskaldunak egiten dituena.

Euskal Herrian bizi diren euskaldunen (praktikan, munduan diren euskaldun guztien) %10 inguru eta ia euskaldunen %15 inguru Bilbon bizi dira.

Datu hauek oso esanguratsu eta garrantzitsuak dira Euskal Herria kontuan hartuta, baina baita Bilbo kontuan hartuta ere.

Euskaldunen kopuruak gora egin du azken urteotan eta hori poztekoa da. Egun, Bilbon bizi den lau biztanletik bat euskalduna da (%24), bese bat ia euskalduna (%24). Baina, zoritxarrez, beste bi biztanleek (%51), ez dakite euskaraz; Bilboko biztanleen erdia erdaldun elebakarra da euskarari dagokionez.

Datu hauek beraz, errealitate gordin bat adierazten dute. Hizkuntza bien arteko izatezko pisua, hiztunen portzentajea alegia, erabat desorekatuta dago. Euskaldunak erdaldunen erdia baino ez dira. Horrez gain, euskaldunak elebidunak dira gaztelaniarekiko, gure inguruko hizkuntza dominantea eta Hego Euskal Herri osoan ofiziala den bakarrarekiko. Erdaldunek, aldiz, ez dakite euskara. Horrek, oso zaila egitendu euskaraz normaltasunez bizitzea.

Bilbon, euskaldun gehien duen udalerrian, euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du. Herritarrek ez dituzte aukera berdinak gaztelania ikasteko, gaztelaniaz egiteko eta euren bizimodua gaztelaniaz garatzeko, edo euskara ikasteko, euskaraz egiteko eta euren bizimodua euskaraz garatzeko.

Trantsizio garaitik hona euskararen estatus legalaren aldaketak eta, batez ere, herri mugimenduaren bultzadak eta gizarteak euskararekiko izan duen atxikimenduak hobekuntzak ekarri dituzten arren, euskara eta euskal hiztunak egoera gutxituan aurkitzen dira.

Zeintzuk dira proposamenak?

* Udalaren erabilera Plan berri bat egitea. Bitartean, indarrean dagoen Planean onartutako neurriak bete egin behar dira.

* Diagnostiko Globala: Ezinbestekoa da Bilboko euskararen egoerari buruzko diagnostiko global bat egitea euskara arloan ari diren eragile sozial eta kulturalen parte hartze zabalarekin.

* Pate hartze hori artikulatzeko Euskararen Udal Kontseilua antolatu behar da.

Plan Estrategikoa: Diagnostiko horren ondoriozko Plan Estrategiko bata adostu behar da, behar diren baliabide ekonomiko eta pertsonalez hornituz.

* Euskararen Ordenantza: Udalerrian euskararen ofizialtasuna bermatzeko, alegia, euskarak gaztelaniak duen babes eta sostengu maila berdina izateko ekimen edo aginte publikoaren menpe dauden eremu guztietan.

* Neurri premiazko hauei lehentasuna ematea:

  • Helduen euskalduntzerako diru-laguntzak berrezarri eta handitu, bilbotar heldu guztiei (bertan jaoiei zein kanpotik etorritakoei) euskaraz doainik ikasteko aukera emanez.
  • Elebitasuna bermatze bidean D ereduaren aldeko apustu garbia egitea, elebitasuna bermatzeko. A eta B ereduek ez dute elebitasuna bermatzen eta hori oreka lingüistikoaren kaltetan doa.
  • Udalerriko Euskal hedabideen aldeko laguntza politikoa, administratiboa eta ekonomikoa bideratzea (aldizkako zein egunerokoen aldekoa, telebista barne).
  • Udalaren eta gainontzeko instituzio publikoek Bilbon, zuzenean zein kanpoko enpresen garatzen dituzten programetako komunikazio jarduera eta ekintzetan euskarak gaztelaniak duen estatus berdina eskaintzea, kalitatean, kantitatean eta lehentasunean.
  • Euskara Euskal Herriko hizkuntza dela Bilbotar berriei zuzendutako sensibilizazio kanpania bat abian jarri.

Komunikatu osoa HEMEN.

Etiquetas blog: euskara ;
Etiquetas todos los blogs: euskara ;

Trackback URI | Comentarios RSS

Iruzkin bat idatzi